Eragintza, 2023-2025 Plan Estrategikoan murgilduta
Eragintza Fundazioa 2025. urtera arte luzatuko den Plan Estrategikoa prestatzen ari da. Plan horren helburu nagusia osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonak gizarteratzea eta laneratzea da.
Eragintza Fundazioak Kudeaketa Aurreratuarekin duen konpromisoak barne eta kanpo hausnarketako prozesu bat egitea dakar, estrategia hori definitu, garatu, jarraitu eta eguneratzeko.
Hori egiteko, fundazioaren patronatua osatzen duten erakundeekin bilerak egiten ari gara: BBK, Bizkaiko Foru Aldundia eta Confebask, hain zuzen ere. Era berean, Eragintzako langileekin, funtsezko eragileekin (Lanbide, Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarea, Psikologiako Elkargo Ofiziala, Lantegi Batuak, Usoa, Argia, Avifes, ACABE, Eudel eta Bilboko Udala) eta enpresa laguntzaileekin (Arteche Taldea, Garaia Kooperatiba, Alse, Zaintzen, Owasys) egiten dira, besteak beste. Kasu guztietan, haien ekarpenak kontuan hartzen saiatzea da helburua.
Plan Estrategikoaren helburua da Eragintza Fundazioak osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen gizarteratzearen eta laneratzearen arloan dituen erronkei erantzutea, horretarako aipatutako eragileen ekarpena kontuan hartuta.
Plangintza estrategiko horri esker, aurrera egin ahal izango da Eragintzaren ikuspegiaren, misioaren, balioen eta helburuen definizioan, eta, beraz, funtsezko elementua da fundazioa bultzatzeko.
Kudeaketa aurreratuaren eredua
Alde horretatik, aipatu behar da Eragintza Fundazioak Euskaliten “Brontzezko A errekonozimendua” duela, eta bide horretan aurrera egiten jarraitzea duela helburu. Horregatik, Plan Estrategiko hau egiteko, kudeaketa aurreratuko ereduaren sei elementuak hartu dira erreferentziatzat.
Sei elementu horiek dira Plan Estrategikoa egiteko eta erakundearen lehiakortasuna egituratzeko kudeaketa-sistema garatzeko oinarria.
Horrekin honako hau bilatzen da:
- Pertsonengan proiektu partekatu bateko kide izatearen sentimendua sortzea.
- Fundazioa erabiltzaileen beharretara bideratzea, proiektuaren erdigunean jarrita.
- Berrikuntza arlo guztietan aplikatzea.
- Gizartearekiko eta gaixotasun mentalaren estigmaren aurkako konpromisoa sustatzea.
- Estrategia egoki baten bidez gauzatuko den epe luzeko ikuspegia sortzea.
- Interes-taldeentzat emaitza egokiak lortzea, modu jarraituan eta orekatuan.
Eragintza Fundazioaren Plan Estrategiko berri hau gerentzian izandako aldaketa baten eskutik egiten ari da, eta bertan Izaskun Landaidak hartu du parte, Begoña Erraztik erretiroa hartu ondoren.
Leave a Comment