Osasun mentaleko arazoak dituzten gazteek Eragintza Fundazioaren BIDERATU programan parte hartzen dute
Eragintza Fundazioak BIDERATU programa bultzatzen du, hasierako fasean edo fase goiztiarrean osasun mentaleko arazoak dituzten gazteei zuzenduta. Gizarteratzea eta laneratzea sustatzea du helburu, pertsonen % 80 baino gehiago langabezian dagoen fase honetan.
Esparru horretan, egun 54 gaztek parte hartzen dute arestian aipaturiko programan. Eragintza Fundazioak adierazi duenez, “esperientziak erakusten digu lan-orientazio, prestakuntza eta berariazko laguntza egokiak emaitza positiboak dituela”.
Ekimena honako baldintza hauek betetzen dituzten Bizkaiko Lurralde Historikoko pertsonei zuzenduta dago: 18 eta 35 urte bitarteko adina, gaixotasun mentalaren diagnostikoa hasierako fasean edo fase goiztiarrean izatea, egonkortasun sintomatologikoa eta tratamenduarekiko atxikidura ona izatea, eta enplegagarritasuna hobetzeko prestakuntza-jarduerari berriro ekin nahi izatea.
Programan parte hartu nahi duten pertsonek Eragintza Fundazioarekin jar daitezke harremanetan (eragintza@nulleragintzafundazioa.eus eta 944 231 693 telefono zenbakian).
Programaren helburuak
BIDERATU programaren helburu orokorrak hauek dira: parte-hartzaileen bizi-kalitatea hobetzea, sintomatologia minimizatzea, ikasketetara itzultzea eta laneratzea erraztea.
Kolektibo horri bere enplegagarritasuna hobetzeko eta enplegu bat lortzeko sarbide-zubi gisa balio dio, bere gaitasunak eta ezagutzak indartuz.
Programak arreta espezializatua eskaintzen dio pertsona bakoitzari, beharren eta helburuen arabera. Ildo horretan, banakako ekintza-planak garatzen dira interesdunarekin lankidetzan, eta erakunde laguntzaileei (familiakoak, sanitarioak, instituzionalak edo enpresakoak) informazioa eta prestakuntza ematen zaie estigmaren aurka eta osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen garrantziaren, gaitasunaren eta enplegagarritasun-beharrei buruz.
Koordinazioa
Era berean, koordinazio-ekintzak ezartzen dira erabiltzaileari zerbitzua ematen dioten erakunde guztiekin. Horien artean daude osasun-erakundeak (Osasun Mentaleko Sarea eta LEHENAK Unitatea), enplegu-erakundeak (Lanbide), prestakuntza-erakundeak (erabiltzaileak ikasten dituzten edo dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako zerbitzu espezifikoak eskaintzen dituzten institutuak edo unibertsitateak), enpresak eta Bizkaiko gizarte-zerbitzuen beste erakunde batzuk.
Leave a Comment