Eragintza BBKren Enplegu Inklusiboa proiektuan partaide
BBK-k BBK Enplegu Inklusiboa izeneko proiektu berria aurkeztu zuen apirilaren 27an, BBK Kunan. Desgaitasunaren arloan lan egiten duten lau erakunderekin elkarlanean garatuko du eta horietako bat Eragintza izango da.
Programaren helburua urtean gaixotasun mentala, desgaitasun intelektuala, zentzumen desgaitasuna eta espektro autistaren nahasmendua duten 100 pertsona gutxienez kontratatzea da, bereziki emakumeen kontratazioan eraginez.
Hori garatzeko BBK-k hiru ardatzetan egituratzen du: enpresei laguntza, zuzeneko diru laguntzak eta aintzatespen eta sentsibilizazio soziala.
BBK-ko Gizarte Ekintzako zuzendaria Nora Sarasolak eta erakundeko Pertsonen Arloko arduraduna den Ixone Zubietak aurkeztu zuten, BBK-k Bizkaiko ongizatearekin eta aukera berdintasunarekin duen konpromisoa erakutsiz. Cebekeko Gonzalo Salcedorekin batera, Begoña Errazti, Natxo Ruiz, Oscar Seoane, Regina Arbeo eta Andoni Garai egon ziren proiektuaren erakunde laguntzaileen izenean: Eragintza Fundazioa, Apnabi Bizkaia, Down Sindromea Fundazioa, Gaude – Adimen urritasuna duten pertsonen aldeko Uribe Kosta Elkartea eta Lantegi Batuak.
#normala dena goiburuarekin, BBK-k laneratze eta enpresei laguntzeko proiektu hau abian jartzen du. Goian aipatutako erakundeetako talde espezializatuek, laneratze prozesu osoan eta pertsonak lanean ari diren bitartean, arituko dira. Bestalde, urritasunen bat duten pertsonak inoiz kontratatu ez dituzten enpresek 6.000 euroko zuzeneko diru laguntza jasoko dute BBKren eskutik eta ikusgarritasuna emango zaie hainbat bidetatik.
Desgaitasuna duten pertsonen laneratzea indartu behar dela bermatzen dute datuek, EINen arabera Euskadin lan egiteko adinean dagoen biztanleriaren % 5era iristen bait da. Nabarmena da lan merkatuan duen parte hartze baxua, alde nabarmenak bait daude jarduerari, enpleguari eta langabeziari dagokienez desgaitasunik gabeko biztanleriarekin konparatuz. 2019an, pandemiaren aurretik, enplegu tasa % 29,3koa zen (Estatuko batez bestekoaren gainetik, % 26,7), baina biztanleria osoarenetik alde esanguratsura oraindik (39,6 puntu gutxiago). Berdin gertatzen da, halaber, jarduera tasan (39,7 puntu gutxiago) eta langabezia tasan (ezintasunik gabeko biztanleriaren langabezia tasa baino 5,3 puntu gehiago).
Bizkaiko pertsona guztien integrazioa, aukera berdintasuna eta hazkunde etengabe eta jasangarria indartuko dituen ibilbide luzeko ekimena dugu.
Leave a Comment